Inoiz izan den semifinalik zailena bizi genuen atzo Alticen Arenan ospatutako Eurovision-eko estreinu gauean. Txiprek bere faborito titulu berria indarrez defendatu zuen emanaldi paregabea eskainiz, eta Israelek ordea zapore gazi-gozoa utzi digu, nahiz eta larunbateko finalean urrezko domina eskuratzeko erronkan gogor arituko den. Hala ere, Eleni Foureira eta bere ‘Fuego‘ prentsa eta zale guztien ahotan dago gaur; badirudi ‘Mediterraneoko Beyoncé’k eta bere dantza, ile kolpe eta sentsualitateak jada irabazi dutela aurteko jaialdia.

Baina ez da garaipenerako bidaia erraza izango Txiprerentzat. Israelez gain, Bulgaria eta Estonia faboritoak ere oso gertu dauzka Elenik, eta atzo jaso zuten txalo zaparradek hauxe bermatzen dute. Edonoren jokoa da aurtengoa. Netta eta bere ‘Toy’k jarraitzaile fidel asko dauzka oraindik, eta Elina Nechayeva estoniarrak, aurreko urteko porrotaren presiopean, oilo-ipurdia jarri zigun bere ‘La Forza’ren interpretazioarekin. Bulgariak, Txiprek (eta Australiak) bezala, Sacha Jean Baptiste arte zuzendariaren eszenaratzia aurkeztu zigun atzo, iluna eta indartsua, eta ziur top 5ean ikusiko ditugula Equinox-eko kideak bere ‘Bones’ abestiarekin.

Bestalde, Txekiar Errepublikak historia egin du bigarren aldiz finalera pasatuz. Mikolas Josef-en ‘Lie to me’ itsaskorrak Europa maitemindu du, motxila eta guzti. Austriako Cesar Sampson-ek ere gorenera eraman du ‘Nobody but you’ eszenaratze paregabe batekin eta Saara Aalto-ren ‘Monsters’-ek ere pasea eskuratu du koreografia, piroteknia eta elementu ezberdinez osatutako emanaldiari esker.

LITUANIA, ALBANIA ETA IRLANDA FINALERA

Nork esango zuen pare bat aste atzerago Lituaniak finala eskuratuko zuela. Ieva Zasimasukaité eta bere ‘When we´re old’-ek harrera ezinhobea izan du lehen semifinal honetan eta apustu etxeetan ere 5. postuan dago jada. Albaniak ere ez zeukan esperantza handirik, baina Eugent Bushpeparen ahotsak aski erakutsi digu indarrez datorrera lehiatzera. Sorpresa politena ordea, Irlandarena izan da. Ryan O`Shaughnessy-k ‘Together’ kantaren bideoklipa berregin du oholtza gainean eta liluratuta utzi gaitu, bai gu eta baita Europako audientzia zein epaimahaia ere. 2013tik ez du finalerako pasea eskuratu eta aurten, ukitu emozionala emango dio larunbateko gauari.

AZERBAJAN, LEHEN ALDIZ FINALETIK KANPO

Bederatzi herrialdek ordea ez dute zori berbera izan. Aysel-en ‘I X my Heart’ abestiaren interpretazioak ez du konbentzitu eta Azerbajan finaletik kanpo utzi du bere historian lehen aldiz. Suitza ere kanpoan geratu da, nahiz eta Zibbz-en ‘Stones’ askoren faboritoa izan den. Belgikak ere bere zori onaren katea puskatu zuen atzo Sennek-en interpretazio deskafeinatuaren erruz. Franka eta bere sentsualitateak ere ez du Kroazia gorenera eraman eta Yianna Terzik, nahiz eta bere ‘Oniro mou’ nahiko ondo defendatu duen, ez du oholtza zapalduko final nagusian. Ari islandiarra, Eye Cue mazedoniarrak, Alekseev bielorrusiarra eta Sevak Khanagyan armeniarra ere kanpoan geratu dira.

ESPAINIA, ERRESUMA BATUA ETA PORTUGAL ERE HANTXE IZAN ZIREN

Amaia eta Alfred, SuRie eta Claudia Pascoal ere Altice Arenan izan genituen atzo euren entseguko klip motza erakusteko. Aurkezleek lan paregabea egin zuten gau osoan zehar, eta jada finalean ditugun partehartzaileekin solastu zuten bozkaketa prozesua martxan zegoen bitartean. Osteguneko bigarren semifinalean ezagutuko ditugu Frantzia, Italia eta Alemaniaren eszenaratzeak.

EUSKOVISION-EN IRAKURLEEN TOP-10-A

Inkesta txiki bat jarri genuen martxan astelehenean zuen iritzia ezagutzeko. 19 herrialdeetatik, 10 aukeratu ditugu zuen bozken arabera. Oso gertu ibili zarete! Hauxe da emaitza:

  1. Txipre: Eleni Foureira eta ‘Fuego’
  2. Bulgaria: Equinox eta ‘Bones’
  3. Israel: Netta eta ‘Toy’
  4. Txekiar Errepublika: Mikolas Josef eta ‘Lie to me’
  5. Irlanda: Ryan O’Shaughnessy eta ‘Together’
  6. Finlandia: Saara Aalto eta ‘Monsters’
  7. Belgika: Sennek eta ‘ A Matter of Time’
  8. Azerbajan: Aysel eta ‘I X My Hearth’
  9. Estonia: Elina Nechayeva eta ‘La Forza’
  10. Albania: Eugent Bushpepa eta ‘Mall’

Gogoratu bigarren semifinala ostegunean emitituko dela, gaueko 21:00etan, bai TVEko 2. katean, baita eurovision.tv-k ahalbidetzen duen estekan. Ados al zaudete emaitzekin? Nortzuk espero zenituen finalean? Kontaiguzu!

ELKARBANATU
Iñaki Errasti
Diseinatzaile grafikoa, Eibartarra eta Sertab Erener garaile izan zenetik Eurovisionen jarraitzailea. Baladak nahiago, baina petardeo apurtxo bat ere apreziatzen dut noizean behin.

ERANTZUN

Mesedez idatzu zure iruzkina.
Mesedez idatzi zure izena hemen