Bukatu da. Hainbat hilabetetako lana, esfortzua, tentsioa… guztiak Portugaleko kapitaleko Alticen Arenan utzi ditugu aurten. Eurovision 2018k badu irabazlea. 529 punturekin, Netta Israeldarrak eraman du garaikurra etxera, ‘Toy’ abestiak epaimahaia eta publikoa (batez ere azken hau) maitemindu eta gero. Azken orduko faboritoa Txipre izan da bigarrena, Eleni Foureira eta bere dantzariek Lisboa eta Europari su emanda; Hirugarrena ordea, gure sorpresarako, Austria izan da. Cesar Sampson-en ‘Nobody But You’ gospel kantak epaimahaia liluratu du, bera izan baita azken hauen irabazlea.

Top 5a betetzen beste bi sorpresa: Alemaniak eskuratu du 4. postua. Michael Schulte eta ‘You let me walk alone’ baladak ikusleak konbentzitu ditu eszenaratze ezin politako batekin. 5. postua ez da oso urruti joan, Italiak eskuratu baitu top preziatu honetako azken postuan sartzea. Ermal Meta & Fabrizio Morok ‘Non mi avete fatto niente’-k dakarren mezua zabaldu dute eta guztion bihotzetara heldu da indarrez.

SORPRESAK TAULAREN ESKUIN ALDEAN ERE

Sorpesa handiena Norvegiatik dator. Alexander Rybak 2009. urteko irabazleak urruti utzi du garai hartako garaipena. ‘That´s how you write a song’-ek 15. postua eskuratu du. Bestalde, Hungaria faboritoa ere taulako behe aldean geratu da. Rock gogorrak ez du esperotako arrakasta izan eta 21. postuarekin konformatu behar izan dira AWS taldekoak. Bulgariak ere pasa den urteetako zori ona galdu dute eta Equinox-en ‘Bones’-ek 14. postuan bukatu du, nahiz eta aurtengo kamera joko hoberenaren saria jaso duten.

Jessica Mauboy-ren ‘We got Love’-k publikoaren puntuaketa murritzena jaso du, Ozeaniako herrialdeari aurreko urtean gertatu zitzaion berbera errepikatuz. Finandiako Saara Aalto ere, nahiz eta faboritoenetariko bat izan, 25. postuan geratu da bere ‘Monsters’-ekin.

Taula itxiz, aurtengo anfitrioia. Claudia Pascoal-ek ‘irabazlearen zorigaitza’ pairatu behar izan du, Austriari 2015. urtean gertatu zitzaion bezala. ‘O Jardim’ baladak 39 puntu jaso ditu soilik.

ESPAINIAREN PORROTA OHITURA BILAKATU DA

OT fenomenoak ez dio inolako bermerik eman Espainiari. Alfred eta Amaia guztion ahotan dauden arren, Europak ez du beraiekiko maitasun berbera adierazi. 23. postua eskuratu du Espainiak 61 puntu eskasekin eta aurreko urteetako zorte txarra errepikatuz. Bikotearen interpretazioa bikaina izan den arren, eszenaratzeak ez du abestia borobildu; gainera, 2. postuan abesteak ez du inolaz ere lagundu. Dramak alde batera utzita, Amaiak argi du zein den balorazioa: ‘Postua kaka zahar bat da, baina gu pozik gaude’.

JERUSALEM 2019?

Israel-go gobernuak Tel Aviv lehiatik ezabatu du jada eta, dirudienez, Jerusalem-en ospatuko da 2019ko Eurovision jaialdia. Hala ere, arrazoi politikoak medio, zalantza lainoa jarri da baieztapen honen gainean eta EBUren iritzia ezagutu beharko dugu ezer iragarri baino lehen.

Zer iruditu zaizu aurtengo edizioa? Guk faborito garbi bat dugu: Eleni Foureira eta bere ‘Fuegok’ guztiz maitemindu gaitu. Beraz, honexekin bukatu nahiko genuke aurtengo esperientzia. Dantzara guztiok!

ELKARBANATU
Iñaki Errasti
Diseinatzaile grafikoa, Eibartarra eta Sertab Erener garaile izan zenetik Eurovisionen jarraitzailea. Baladak nahiago, baina petardeo apurtxo bat ere apreziatzen dut noizean behin.

ERANTZUN

Mesedez idatzu zure iruzkina.
Mesedez idatzi zure izena hemen